TRADIZIO JAUNAREN ZALANTZAK




Azkenaldian buelta asko eman dizkiodan gai baten inguruko gogoeta azaldu nahi nuke. Pertsona nagusien egoitzara bizitzera joan diren edo etxean zaintzaile bat duten pertsona nagusiek jasotzen duten laguntza edo zaintza boluntarioarekin zerikusia du aurkeztu nahi dudan gai honek.

Pertsona nagusi batek autonomia galtzen duenean eta bakarrik bizitzeko gai ez denean, laguntza eskatzea  oso gogorra da berarentzat, baita familiarentzat ere. Prozesu oso delikatua da, pertsona asko daude inplikatuta eta hauen sentimenduak kontuan hartu beharrekoak dira. Horregatik horrelako prozesuak profesionalen esku egon beharko lirateke. Egia da, kasu askotan, ez zaiola duen garrantzia ematen edo ez da gaiaz hitz egiten, eta horrek egoera deserosoa edo traumatikoa sortu dezake. Pertsona nagusi bat egoitza batean sartzeko prozesu burokratioa amaitzean edo etxean zaintzailea izateko, familiak beharrezko gestioak amaitutakoan, pertsona nagusi hori, agian, boluntario talde baten laguntza jasotzen hasiko da. Puntu zehatz honetara heltzea zen nire helburua, gai honen inguruan bizi izan ditudan kasu batzuk azaldu nahi nituzke.

Helburu ezberdinak dituzten boluntario taldeak daude, baina denek dute helburu nagusi berdina: erakundeak iristen ez diren alorretara iristea eta irabazi asmorik gabe beharrak dituzten pertsonen alde taldean lan egitea. Egiten duten lana eskertzekoa da, baina landu behar diren hainbat gai daudela uste dut.

Talde hauetako batzuk tradizioan oinarritzen dira eta berrikuntza posibleak alde batera uzten dituzte. Inguruan gauzak etengabe aldatzen badoaz ere, ez dute taldearen pentsamoldea aldatzeko laguntzarik onartzen. Oso mingarria da beraien lana ederki betetzen duten boluntarioak, pertsona nagusien egoitzan bizi diren edo mugitzeko arazoak dituzten pertsonei buruz hitz egiterakoan “gaixoak” hitza erabiltzen entzutea. Baita bisitatzen dituzten pertsonen edo hauen familietako kontuak herriko jendearen aurrean azaltzen entzutea; edo bisitatzen dituzten pertsonen aurrean, esaten dituzten hitzak eta jarrerak ez neurtzea. “Beti horrela egin dugu” eta aurrera.

Batzuetan, argi ikusten da boluntario lanetan dabilen pertsonak berak laguntza behar duela, eta honek eragin negatiboa izan dezake zaintzen duen pertsonarengan. Baina, askotan, laguntzeko nahiak eta harrotasunak ez dio uzten laguntza behar duela  ikusten.

Autokritika egitea ez dago modan eta tradizioan oinarritutako taldeetan ideia berriak sartzea ia ezinezkoa da. Honek zalantza egoera bat sortzen du; tradizioa geldi dago eta  berrikuntzak ez doaz aurrera.

“Kobratu gabe” edo “mesedea egitearren” parte hartzen duen pertsona bat  taldeko dinamika apurtzen ari bada, pertsona hori formazioa jasotzera edo taldea uztera gonbidatzea oso zaila da, baina taldearen hobe beharrez, taldea eraginkorra izan dadin, bide zaila hartu beharko dugu behin eta berriz.

Hau dena kontuan izanik, gogoeta egin eta aurrera egiten saiatzeko unea dela uste dut. Ez da aski izango eskutik helduta joatea; besarkatzeko garaia da. Helmugara, elkarrekin, helburu beragatik borrokatzen duen talde bat izaten iristeko eta komunikazio txarragatik sortzen diren arazoetan ez geratzeko garaia. Pertsona nagusien eta hauen familien ongizatearen alde egin dugun eta egingo dugun lana ospatzeko emango dugun besarkada sentitzeko garaia.


Juan Fernández
Alkarri Elkartea

Argazkia: Juan Fernández

Comentarios

Entradas populares