ANTSIOLITIKO ETA BENTZODIAZEPINEN (BZD) ERABILPENA EDADETUETAN: BEHARREZKOA ALA GEHIEGIKIERIA?



60. hamarkadan Hoffman-La Roche laborategietan lehen konposatu kimiko bentzodiazepinikoa asmatu zutenean Librium izena jarri zioten (equilibrium hitzatik eratorria). Gertakizun historiko hortatik aurrera, farmako talde honek iraultza bat suposatu zuen sintoma anitzen tratamenduan: antsietate krisi eta sentsazio subjektiboan, insomnioan, konbultsioetan, muskulu kontrakturetan edo alkoholismo abstinentzian esaterako. Egun, lorazepam (Orfidal ®) edo diazepam (Valium ®) bezalako izenak inoiz baino ezagun eta hurbilak egiten zaizkigu. Ezinegona arintzen dute, equilibrium edo oreka sentsazioa berreskuratuz efektu egiten duten bitartean.

Bentzodiazepinek arrakasta izugarria izan zuten euren efektu antsiolitiko, hipnotiko, lasaigarri eta antikonbultsiboekin. Gainera ordurarte erabiltzen ziren barbiturikoak baino seguruagoak ziren, gutxiago lokartuz. Hala, haien erabilpena populazio heldura eta adinekoetara orokortu egin da, bereziki giro instituzionaletan. Estatu mailan 1995-2000 periodoan BZD-en kontsumoa %57 igo egin zen, progresioa orain arte mantenduz. Datuak oso deigarriak dira, adibidez egun Nafarroako 85 urtetik gorako populazioaren erdia baino gehiago antsiolitikoekin tratatua izan da.

Hala ere, antsietatea eta insomnioa farmako hauen bidez baretzeak ondorio larriak izan ditzake. Alde batetik tolerantzia eta menpekotasun fisiko eta psikologikoa sortzeko gaitasuna dute, dosi egokietan preskribaturik ere. BZD-ak kronikoki hartzen dituzten pertsonek dosi gero eta handiago bat behar izaten dute efektu berak lortzeko, edo medikazioa utzi nahi dutenean antsietate sintomak nabaritzen dituzte. Abstinentzia sintomak antsietatearen antzekoak direnez (urduritasuna, loezina, dardarak, palpitazioak), askotan zail egiten da jakitea horrela sentitzen garen gure lehengo antsietatea berriro agertu delako edo farmakoa uztean menpekotasuna dugulako. Modu honetan antsiolitikoak behar ditugularen ideia bikoitz indartzen da.

Bestalde, bentzodiazepinek zenbait efektu desiragaitz garrantzitsu dituzte, kontuan hartu behar direnak bereziki instituzioetan bizi diren adineko pertsonetan: logura, deskoordinazio motorea, memoria galerak, arreta gutxitzea, konfusio eta nahasmena, hitzak ahoskatzeko zailtasunak, aztoramena, erorketak eta menpekotasun fisikoaren handitzea. Zenbait ikerketetan haien erabilpenak erorketa eta hezur hausturen arriskua handitzen dituela frogatu da, bereziki aldaka hausturak.

Espainiako Medikazio Agentziak antsietate/insomnioa tratatzeko baimendu ditu 3 hilabetez gehienez, denbora tarte honetan farmako dosia apurka murrizten joateko hilabete bat barne. Periodo laburretan erabiltzea gomendatzen dute, 2-4 astetan, epe luzera efektu desiragaitzak agertzen baitira. Ikerketek gainera ez dute frogatzen luzaro erabilita eraginkorrak direnik. Barneratzen hasi beharko genuke bentzodiazepinak ez direla bizitza osorako medikazio bat, ezta kronikoki hartzekoa ere.

Gomendioak argiak izan arren, kezkagarria da antsiolitikoak insomnio eta urduritasunerako kronikoki errezetatuak dituzten hainbeste adineko pertsona topatzea. Valentziako Komunitateko 11 farmaziako datuak bildu zituen ikerketa batean, 65 urte baino gehiagoko antsiolitiko kontsumitzaileen %83,9ak hilabete bat baino gehiagoz hartzen zituen, %66,9ak urte bat baino gehiagoz. Gehienek ez zekiten haien tratamenduaren iraupena. Instituzioetan bizi diren pertsonen autonomia gutxituago egon ohi denez, ziurrenik kontsumo maila bertan handiagoa izango da.

Zalantza barik berrikusi beharko litzateke antsiolitikoen erabilpena pertsonaren beharretara eta testuingurura egokituta dagoen. Beharrezko ez balitz, ohitura uztea lortzeko aukera asko daude esku-hartze sinple eta samurren bidez; beti ere komunikazioa sustatuz mediku, zaintzaile, familiar eta instituzio langileekin. Funtsezkoa da esku-hartzea pertsonarekin adostua egotea; ostera tratamendua utzi edo murrizteko aukerak askoz txikiagoak dira.

Argibide gutun bat bidaltzea bezalako ekintza errazekin frogatu da paziente autonomoek berez murriztu dezaketela haien medikazioa. Sostengu handiagoa beharrezkoa balitz elkarrizketak langileekin, laguntza psikoterapeutikoa, lo osasuntsua lortzeko neurriak hartzea eta giro lasai eta egokia bermatzea erabilgarriak dira ere. Laburbilduz, antsietate sintomak beti gaixotasuntzat ez hartzean dago gakoa. Azken finean farmako bat erabiltzea erraza eta azkarra da, baina gerorako ondorioak onuragarriak baino, kaltegarriak izan daitezke. Beti estrategia ez-sarkor, gizatiar eta komunikatiboagoak erabili behar ditugu lehendabizi, funtsezkoak baitira gure ingurukoen osasun mentalean, baita geurean ere.

Erreferentziak
·         Manual del Residente en Psiquiatría. Sociedad Española de Psiquiatría.
·         A historical dictionary of psychiatry. Edward Shorter. 2005. Oxford University Press.
·         Cevime. Centro Vasco de Información de Medicamentos. http://www.osakidetza.euskadi.eus/r85-ckpubl02/eu/contenidos/informacion/cevime_infac/eu_miez/adjuntos/infac_v13_n6.pdf
·         Boletin INFAC (Eskualdeko farmakoterapi informazioa. Información farmacoterapéutica de la comarca). Volumen 17 nº 6. 2009. Volumen 13, nº6 .Junio 2005.
·         Stevenson DG, Decker SL, Dwyer LL, Huskamp HA, Grabowski DC, Metzger ED, Mitchell SL. Antipsychotic and benzodiazepine use among nursing home residents: findings from the 2004 National Nursing Home Survey. Am J Geriatr Psychiatry. 2010 Jun 22.
·         Velert Vila J, Velert Vila M, Salar Ibáñez L, Avellana Zaragoza JA, Moreno Royo L. Adecuación de la utilización de benzodiazepinas en ancianos desde la oficina de farmacia. Un estudio de colaboración médico-farmacéutico. Aten Primaria. 2012;44(7): 402-410.
·         Khong TP, de Vries F, Goldenberg JS,et al.(July de 2012).«Potential impact of benzodiazepine use on the rate of hip fractures in five large European countries and the United States». Calcif. Tissue Int. 91 (1): 24-31.
·         García N, Recuenco I, Herrero A, García B. Benzodiazepinas en edad avanzada:descripción de un caso. Farm Hosp 1995; 19 (1): 45-47
·         Azparren Andia A, Garcia Romero I. Estrategias para la deprescripción de benzodiacepinas. Boletín de información farmacoterapéutica de Navarra. ABR-JUN 2014. Volumen 22, Nº 2.

Irma Laria Bustillo
Medikuntzan Lizentziatua

Argazkia: Juan Fernández

Comentarios

Entradas populares